Donostiak eta Kursaal jauregiak berriro egingo diote harrera ostalaritzaren familia handiari
Kursaal jauregira itzuliko da azaroaren 15etik 17ra San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country, kongresu gastronomikoen aitzindaria, Covid-19aren krisiak sortutako egoera berrira egokituta.
Frantziara begira jarriko da XXIII. edizio hau, eta frantziar eta espainiar sukaldaritzen arteko elkarrizketa berri bat planteatuko du. 2020ko geldialdiaren ondoren, kongresistentzako aurrez aurrekoa izango da Gastronomika 21. Irailaren 13az, astelehenaz, geroztik, dagoeneko eros ditzakete sarrerak webgunean, lehenengo kongresutik gertatu den bezala, programatutako ekitaldi eta hitzaldi guztiak jarraitzeko, dastatze-saioak barne.
Agintarien aginduei jarraituz, jauregiko auditorio nagusira zein hango areto eta azokara itzuliko da jarduera; azoka horretan, haien produktuak erakutsi ahal izango dituzte parte hartuko duten enpresek, eta bertaratzen direnekin harremanetan jarri. Edukierak mugatuak izango dira, eta ikus-entzunezko proiekzioarekin dimentsionatuta datorkigu jarduera. 2020ko edizio birtualaren esperientziarekin (ekimen hari esker, munduko lehenengo gastronomia kongresu digitalaren saria eman zion Gastronomiaren Nazioarteko Akademiak), formatu hibridoa izango du Gastronomika berriak; izan ere, Kursaal jauregian kongresua aurrez aurre bizi izateko aukera egoteaz gain, hori osatzeko, zuzenean emango dira ponentzia guztiak, bai eta mundu osoko jatetxeetatik programatutako mintzaldiak ere.
Donostiako kongresua bere ohiko agertokira itzuliko da 2020ko urriko esperientzia arrakastatsuaren ondoren; iazko edizio hartan, ekitaldiaren plataforma digitalaren bitartez, gastronomiaren munduko sukaldaritzarik prestigiotsuenak milaka kongresistaren etxeetan barneratzea lortu zuen.
Covid-19aren krisiak markatutako ingurune batean –eragin berezia izan zuen ekitaldien sektorean, baina baita ostalaritzaren eta jatetxeen arloan ere–, kongresu beterano honek bide berriak berrasmatu zituen, proposamen digital propioarekin, eta bost egunetan 108 herrialdetako 23.000 lagun baino gehiago biltzeko gai izan zen, hamaika esperientzia eta prestakuntza-hitzaldirekin (70 ponentzia, guztira). Hainbat telebista-platotan egin ziren saioak, horietako batzuk Donostiako jatetxerik onenetako batzuetan muntatuta. Guztira, kalitate oneko ikus-entzunezko 50 emisio-ordu. www.sansebastiangastronomika.com webgunean ikusgai jarraitzen du material horrek, eta chefen, enpresarien, langileen eta koronabirusak tupustean geldiarazi zuen jarduera indartsu baten balio-kate osoaren itxaropena goratzea lortu zen.