Basque Culinary Centerrek bere 10. urtemuga ospatu du Gastronomikan
Basque Culinary Centerreko hiru irakaslek inauguratu dute San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Countryko hitzaldien azken jardunaldia, eta hezkuntza erakundearen hamar urteak errepasatu dituzte.
Erakundearen hamargarren urtemuga ospatuz, Basque Culinary Centerreko hiru irakasle entzutetsuk hamarkada honetan egindako lanaren atzerabegirako bat egin dute. Oinarriko ezagutza zein lurraldearekiko begirada azken abangoardiarekin eta teknika aplikatuarekin lotzen dituen metodoa gauzatu da lan horretan "gure ikasleek jakin dezaten sukaldaritzako prozesuak egiteko moduaz gain, horien zergatiari buruz" azaldu du Jorge Bretónek.
Bere lankide John Regefalkek Berrikuntza sailean egindako lana errepasatu du, eta adierazi du sail horretan hartzidurak, gazitzeak, keztatzeak, ozpinetakoak edo ontzeak antzinako teknika gisa sartu zirela "aspaldiko, antzinako teknika horiek baliozkoak dira gaur egungo testuinguruan".
Luis Arrufatek, elBullin sei urteko esperientzia duenak, amaitzeko, BCCren baratzeetan lantzen dituzten berdurekin eta frutekin BCCk egiten duen lana azpimarratu du. "Horrela, ikasleek, orain, hasieratik hazi duten produktu batekin istorio bat konta dezakete". Zirkulu bat ixten da, "360º-ko ezagutza da" azaldu du. Metodo horrek BCCri ospea eman dio; izan ere, zentro honek "zeharka jasangarritasunaren eta elikagaiak ez xahutzeko printzipioak irakasten ditu" azaldu dute.
"Orain zer etorriko den galdetzea besterik ez da falta –esan du Bretónek–. Ziurrenik zerbait sentsoriala, zerbait osasungarria eta zerbait jasangarria izango dela". "Eta Basque Culinary Centerren ikusiko dugu" adierazi du amaitzeko mintzaldiko moderatzaile Xavier Agullók.