Hiru Michelin izardun zazpi espainiar daude parte-hartzaileen zerrendan
San Sebastian Gastronomika Euskadi Basque Country jaialdiaren edizio honetan Espainiak izan duen parte-hartzearen zerrenda ere oso zabala da. Luzea da San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuaren edizio honetan parte hartuko duten espainiarren zerrenda, nazioarteko gastronomian garrantzitsuenen artean dauden izen askorekin. Eneko Atxa chef bizkaitarra (Azurmendi***) etorriko da, besteak beste; Azurmendi jatetxeaz gain, Eneko jatetxea ere kudeatzen du, etxe nagusiaren azpian, eta beste hiru, Londonen, Tokion eta Lisboan. Bost Michelin izar ditu guztira Atxak, sustraidun eta poesiadun bere sukaldaritzarekin; horrela lortzen du, plateraren estetikaren eskutik, produktuaren sublimazioa. Azkeneko hamarraldiko eragin handieneko Ángel León (Aponiente***) chefak ere ez du hutsik egingo Kursaaleko hitzordura; berezko talentua du Leónek, gastronomiari aurrera egin arazi eta horren esploratuta ez dauden espazioetarantz eramaten dutenen berezko ezaugarria.
Donostiako topaketa berri honetan, Kursaal jauregian egongo dira Euskadiko gastronomiaren beste bost erreferente handi ere: Pedro Subijana (Akelarre ***), Juan Mari eta Elena Arzak (Arzak***), Martin Berasategui (Berasategui***), Hilario Arbelaitz (Zuberoa*) eta Josean Alija (Nerua*). Horietako batzuk Euskal Sukaldaritza Berriaren guraso dira, eta Espainiako lehenengo abangoardia gastronomikoaren ordezkari izan ziren eta Gastronomikak edizio honetan landuko duen eta mugaren alde bietako chef mitikoen arteko topaketak jasoko dituen espainiar eta frantziar sukaldaritzen arteko harreman horrekin zerikusi handia duten sukaldariak.
Donostian egongo da, gainera, Quique Dacosta (Quique Dacosta jatetxea***), nazioarteko proiekzio handieneko espainiar sukaldarietako bat hau ere. Sukaldaritza dagokion lurraldeari lotuta ulertzen du berak, eta bere plater guztietan islatzen du hori. Izan Denian, Londonen edo Madrilen, Mediterraneoa da bere sukaldaritza. Bost izar ditu guztira, bi baititu Valentziako El Poblet jatetxeak; Gastronomikan parte hartuko duen Luis Vallsek zuzentzen du, hain zuzen ere, jatetxe hori. Valentziako MercatBar, Vuelve Carolina eta Llisa Negra eta Londoneko Arros QD jatetxeak ere zuzentzen ditu Dacostak. Eta Deesa da bere azken proiektua, Madrileko Ritz hotelean; han, Espainiako hiriburuko hotelik enblematikoenaren eskaintza gastronomikoaz arduratzen da.
Jesús Sanchezek (El Cenador de Amós***) osatzen du espainiar hiru izardunen zerrenda; Kantabriako gastronomia maila gorenera eramatea lortu du Sanchezek Villaverde de Pontonesen duen jatetxearekin. Ingurune arkitektoniko eta natural paregabean dago, gainera, jatetxea, XVIII. mendeko jauretxe batean. Orain bere proiektu berria inauguratzear dago, Amós, Madrileko Villa Magna hotelean.
Paco Morales (Noor**) izango da 2021eko Gastronomika honetako beste izen garrantzitsuenetako bat. Nortasun handiko sukaldaritza egiten du Moralesek, eta gogotik egiten duen bere lan zehatzari esker, proiektu berezi eta arrakastatsua sortu du historia handiko Andaluziako txoko batean, Kordoban. Moralesek platerera eramaten duen historia. Ez da batere sukaldari konbentzionala, bi Michelin izar ditu, eta El Bar de Paco Morales lokala ere badu, Kordoban hori ere.
Fran Martinezen (Maralba**) eskutik ikusi ahal izango dugu espainiar sukaldaritzaren aniztasuna; Mantxako goi-mailako gastronomia gorestea lortu duen chefa da Martinez. Disfrutar** jatetxeko hirukotearen magiaz eta su artean duten sormenaz gozatzeko aukera ere izango dugu. Urte luzez elBullin Ferran Adriàren laguntzailea izan zen Oriol Castrok, eta proiektu honetan bazkide dituen Eduard Xatruch eta Mateu Casañasek osatzen dute hirukote hori; azken biak ere lantalde hartan trebatu ziren, Cala Montjoi jatetxe paregabean. Paco Pérez Michelin izar gehien dituen kataluniar chefak ere ez du hutsik egingo; bi izar ditu Llançako bere Miramar jatetxeak, eta beste bi Bartzelonako Arts hotelean zuzentzen duen Enoteca jatetxeak. Alt Empordà eskualdeko goi-mailako gastronomiaren ordezkaria da Perez, d’amunt-eko itsasoarena. Halaxe gustatzen zaio deitzea hazi den Gironako eskualdeari.
Tenerifetik, berriz, Erlantz Gorostiza iritsiko zaigu, Martin Berasateguiren dizipulua eta, Ritz-Carlton Abama hoteleko MB jatetxetik, Kanariak goi-mailako gastronomiaren mapan kokatu dituen sukaldaria, artxipelagoan bi Michelin izar dituen bakarra baita, betiere kanariar produktuen kalitatea eta berariazkotasuna defendatuz.
Hemen bizi diren sukaldarien artean ere egongo da frantziar presentzia; horixe da Romain Fornell chefaren kasua. Sortzez frantziarra den arren, Bartzelonan egin du bere ibilbidea Fornellek; sukaldari handien dizipulua izan da –Michel Sarran eta Alain Ducasse chefena, esaterako–, eta Frantzian eta Espainian, bietan, Michelin izarrak eskuratu dituen frantziar sukaldari bakarra izatea lortu du.