Nadia Sammut: "Mundua alda dezakegu norberak berea aldatzen badu"
Nadia Sammut La Fenièreko (Cadenet, Frantzia) chefa da eta glutenik gabeko bere sukaldaritzagatik Michelin izar bat duen lehena, eta Cuisine Libre® (sukaldaritza askea) oinarri duen bere sukaldaritzaren filosofiaren gakoak azaldu ditu. Bere lanbidea ulertzeko moduak elikadura osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena aldarrikatzen du, bizitzeko, pentsatzeko eta jateko dugun modua aldatzen laguntzen baitu.
Nadia Sammuti oso gaztetatik diagnostikatu zioten zeliakoa eta laktosarekiko intolerantea zela, baina, hasieran, bere bizitzan oztopo bat zena proiektu global bihurtu zen; izan ere, esperientzia gastronomikoa jateko ekintza gisa ulertzeaz gain, pentsatzeko, bizitza ulertzeko eta kontzientzia soziala izateko modutzat ere jotzen du. "Elikadurari buruzko pentsamendu eta kontzientzia maila igotzen dut. Nire jatetxean esperientzia sakona eskaintzen dut, gozotasuna eta sentsibilitatea eransten duten elementuekin trazatuta" adierazi du. Eta hau ere esan du: "Gure lan eremua gastronomiaz haraindi ere badago eta asko dago egiteko. Etxean, nekazaritzako ustiategi bat daukagu eta, bertan, besteak beste, lurrak biziberritzeko nekazaritza lantzen dugu eta produktoreekin lan egiten dugu; horrela, mahaikideari plateraren bidez iristen zaion guztiak istorio bat du, mezu bat du. Ez da soilik elikagaietatik elikatzen, baita elikaduraren esperientzia global baten barnean dagoen kultura batetik ere".
Sammutek azaldu du bere jatetxean ez dela saiatzen zapore asko konbinatzen, baizik eta bere helburua dela "bide sinple bat hastea mahaikidearen gorputzak jaso dezan eta nola biziberritzen den sentitu dezan. Biziberritze hori osasunaz gaindi dago, bizitza bera baita".
Gehien landu duen osagaietako bat garbantzua izan da, zeren hazteko ez da ur asko behar eta lan gutxi egin behar da soroan; horrek esan nahi du ingurumenean inpaktu txikiagoa sortzen dela. Gainera, Nadiak nabarmendu du bere errota duela eta han sortzen dituela bere irinak, gariarenak ordezteko bainoago esperientzia berriak sortzeko.
Nabarmentzen duen beste alderdi bat sukaldaritza gatzgabea da. "'Zapore gatzgabearekin’ lan egiten dut, zeren uste dut isiltasunak bezala, gogoeta egitera bultzatzen duela eta, aldi berean, musikari hasiera ematen diola. Zapore gatzgabeak ondoren etorriko dena goratzen du. Jaialdiaren lehen nota da. Nire menua horrela hasten da" esan du. Horrez gain, adierazi du "sakona, fina eta sentsiblea izan nahi duen sukaldaritza dela".
Nadiaren sukaldaritzaren ezaugarria ez da "glutenik gabea" izatea, zeren bere ustez bere sukaldaritza elikaduraren proiektu global bat da non mahaikide bakoitza bakarra den, bere zaletasun eta zaporeak dituena. Bere helburua da "zapore hobea duen" mundu bat sortzea eta mundu horren DNAn egotea errespetua, tolerantzia, plazera, zehaztasuna, harmonia eta oreka. "Duela hamar urte gainditu nuen nire gaixotasuna, eta orain nire fundazioa sortu dut laguntzeko eta erakusteko mundua alda daitekeela norberak berea aldatzen badu".